Edukira joan

Motor

Wikipedia, Entziklopedia askea
Auto baten V6 barne-errekuntzako motorra.

Motorra (latinetik mōtor, "eragilea"/"mugitzailea") energia ez-mekanikoa (adibidez eolikoa, kimikoa, elektrikoa, termikoa) energia mekaniko bihurtzen duen gailua da.

Hainbat mota daude, ohikoenak:

  • Errekuntzako motorrak edo motor termikoak, lana energia termikotik lortzean. Bero iturri batetik beroa jaso eta energia hori energia mekaniko erabilgarri bihurtzen duen tresna. Beroaren energia iturri askotatik lor daiteke: energia kimikotik, energia nuklearretik eta bestelakoetatik. Motor termikoak bi eratakoak izan daitezke:
    • Barne-errekuntzako motorra. Karburatzailean gertatzen den errekin (gas edo jariakin nahasketa) baten erreketaz mugitzen den motor mota. Eztanda motorretan gasolina (maizenik erabiltzen den errekin mota) eta aire nahasketa zilindroaren barnean estutzen da enboloaren bidez; orduan bujia batean sortzen den txinpartak eraginda motorra mugituko duen nahasketa erretzen da. Mota askotakoak dira, baina ezagunenak aldikako motorrak dira; horietan errekuntza zilindro deritzen kamera itxietan izaten da. Aldikako motorrak, erregaia pizteko erabiltzen den sistemaren arabera, eztandako motorretan eta errekuntzakoetan bereizten dira. Bada beste mota bat, erdi-diesel deitua. Eztanda motorra Otto-ren motor izenaz ezagutzen da, eta errekuntzako motorrari diesel motorra ere esaten zaio.
      • Diesel motorra. Konpresioz pizten den barne errekuntzako motorra. Ez du ez karburatzailerik ez bujiarik; errekina zilindroan izaten den aire estutuaren gainean isurtzen da tantaka. Olio astuna erabiltzen du errekin gisa, gas-olioa alegia, eta lau aldiko diesel ziklo batez ibiltzen da. 1892. urtean eskuratu zuen R. Diesel alemaniar asmatzaileak lehen patentea.
    • Kanpo-errekuntzako motorrak: isurkariak motorraren kanpoaldean den galdara batean berotzen dira; lurrunezko makinak adibidez mota honetako motorrak dira. Errekuntzaren ondorioz eratzen diren gasek isurkaria berotzen dute (ura edo lurruna)
  • Motor elektrikoa. Energia elektrikoa zuzenean erabil daitekeen energia mekaniko bihurtzen duen tresna. Gehienetan motor horiek estator edo zirkuitu eragile finko batez eta errotor edo zirkuitu eragile mugikor batez osaturik daude.
    • Indukziozko motorra. Korronte alternoaz higitzen den motorra.
    • Aldikako korronteko motorra. Motor elektrikoa, korronte alternoak sortzen dituen eremu magnetikoek sorturiko indarrak erabiliz, korronte alternoaren energia elektrikoa energia mekaniko bihurtzen duena.
    • Motor unibertsala. Korronte alternoaz zein korronte jarraiaz mugitzen den motorra.
  • Erreakzio motorra. Sortzen dituen gasak kanporatuz mugitzen den motor mota.
  • Motor eolikoa. Haizeaz higitzen den motor mota.

Lehenengo motorrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknologiaren historian, gizakiak hainbat modu izan ditu energia iturriak sortzeko. Gai hau garatzen joan zen heinean, erabiltzen ziren moduak gero eta hobeak izan ziren. Honela, lepoko obalatua zuen arnesetik, motorretaraino heldu ahal izan zen.

Lehenengo iturria, zalantza barik, norberaren gorputza izan zen. Inguruko animaliei begiratuz, haien indarra erabili zitekeela konturatu ziren, eta gurdi-abereak erabili zituzten. Abereak gurdiei nahiz beste edozein kargari lotu ahal izateko, lepoko obalatua zuen arnesa erabiltzen hasi ziren VIII. mendeko amaieran. Honen bidez, animalien indarra lau aldiz handiagotzen zen. Antzinatean bi lepoko bereizten ziren:

    • Jarraitzeko arnesa: Limoaz borrokatzeko erabiltzen zena.
    • Txirikordadun arnesa: Txirikorden bidez lotuta edo moztuta egoten zena.

Nekazaritzarako, produktuak ureztatzea oso garrantzitsua zen eta izugarrizko lana izaten zen txanbilak banan banan betetzea eta ureztatzen ibiltzea. Lan hori aurrezteko, gurpil handia izenekoa eraiki zen (berorren zati bat uretan sartuta zegoen), eta kanpoaldean txanbilak lotu zitzaizkion. Gizaki edo animalien indarraz baliatuz biratzen zuen eta txanbilak urez betetzen joaten ziren. Modu honen bidez, nekazaritzak aurrerapen ikaragarria izan zuen.

  • Gurpil hidraulikoa edo turtukia.

Energia gisa ura baliatzea ez zen Erdi Aro arte hedatu. Hala eta guztiz ere, badira testigantza arkeologikoak eta idazkiak ura indar eragile gisa Antzinarotik erabiltzen zela erakusten dutenak. Jadanik K.a 25. urtean, Vitrubiok gurpil bertikaldun errota bat deskribatzen zuen sistematikoki. Hasiera batean, ura goititzeko egina zen tramankulua, laster mugimendua energia bilakarazteko gai izan zen. Aitzindari teknologiko hori benetako iraultza izan zen gizakiarentzat, geroago lurrunarekin, elektrizitatearekin edo energia atomikoarekin gertatuko zen bezalaxe.

Ur-errota hedatzea Behe Inperio Erromatarraren eskulan eskasiarengatik izan zitekeen, eta VIII. eta IX. mendeen inguruan errotu zen, bereziki Iberiar penintsulan; musulmanek egokitu eta hobetu zituzten emaitza ezin hobeekin. Nafarroako errota hidraulikoei buruzko lehenbiziko idatzizko erreferentzia 841-842. urteetakoa da; izan ere, orduan gaur egungo Erribera aldeko zenbait errota borroka musulmanetan suntsitu zituztela azaltzen baita.

Asmakizun horietako oinarrizko elementu teknikoa gurpil hidraulikoa edo machinaria molae aquariae da. Leku-espazio batean edo bestean kokatua egoteak funtsean bi motako errotak bereizten ditu, eta honako desberdintasun hauek daude:

  • Gurpil horizontalduna, errota hidrauliko gehienak bezala, izan ibairako izan marearako, agorraldi handietarako nahiz emari gutxikoetarako aproposak:
    • Kanalduna edo anteparaduna (urtegia)
    • Kuboduna (ur-biltegia)
    • De regolfo (gurpila presiozko ganbera batean dago)
  • Gurpil bertikalduna (errotak) (ur iraunkorreko erregimenerako makineria behar dute):
    • Grabitaziozkoak (ura bere indarrez erortzen da eta gurpilaren goitiko aldea kolpatzen du).
    • Ur gainekoak edo korrontearen indarraz mugitzen direnak. Ur fluxuaren aurkako zentzuan ematen dute buelta (ontzietako errotetan nahiz zubikoetan bezala).

1826.urtean, Béniot Fourneyron izeneko ingeniari frantses gazteak (1802-1867) diseinu lehiaketa irabazi zuen lehenengo turbinarekin, eta 6.000 libera irabazi zituen. Ordutik hona izugarrizko garapena izan da eta energia lortzeko modu bikaina denez gero, gaur egun energia elektrikoa sortzeko erabiltzen da batez ere; zentral hidroelektrikoetan hain zuzen ere.

Nabigazioan haizea erabiltzea, agian, energia aprobetxatzeko lehenengo moduetakoa izango zen. Ondoren, errotak mugitzeko VII. mendean hasi ziren haizea erabiltzen. Europan, berriz, horri buruzko lehenengo aipamenak XII. mendekoak dira.

Gaur egun, haize-energiaren erabilera nagusia elektrizitatea sortzea da. Sorgailu eoliko edo haize-errotek, haizearen energia zinetikoa erabiliz, sorgailu elektriko baten ardatza birarazten dute palak birarazita.

Aerosorgailuak norberaren erabilerarako izan daitezke, edo sare elektriko orokorrera konektatuta egon daitezke. 70eko hamarkadako petrolio-krisiaren eraginez hasi ziren haize-energiaren ustiapenaren inguruko ikerketa sakonak. Eta azken urteotan izugarrizko garapena izan du. Gaur egun, energia berriztagarrien % 33 energia eolikotik dator.

Energia mota hau ekoizteko dauden parke eolikoen kokapenaren arabera, bi motatakoak desberdindu ahal ditugu:

  • Itsasoko energia eolikoa: haizeak gogor jotzen duen tokietan jartzen dituzte errotak itsasoan, ur gainean.
  • Lurreko energia eolikoa: haizeak gogor jotzen duen tokietan jartzen dituzte errotak, mendi inguruetan edo goi-lautadetan gehienbat.

Zientzia eta teknologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galileoren eta Newtonen (1642-1727) lanetan oinarrituz, Zientziarekin azalpenak lortzen saiatzen hasi ziren. Horren ondorioz, Teknologia sortu zen; Teknologian, Zientziaren ikuspegitik ikertu eta babesten ziren ekintza tekniko guztiak.

Ekintza teknologiko hau honetan oinarritzen da: zientzia esperimentaletan izandako arrakasta nahiz porrot teknikoen azalpenak bilatzean (zientzia esperimentalak filosofia natural izenarekin ezagutzen ziren orduan); ekintza teknikoaren bidez, gainera, azalpen horiek berrikuntza teknikoak proposatzeko aplikatu ziren. Horri guztiari esker, Zientziak eta Teknikak aurrerakada itzela izan zuten, eta makinen garapena ere izugarria izan zen.

Gaur egun, motorren erabilera guztiz ohikoa da teknologiaren edozein arlotan: automobilismoan, motoziklismoan, informatikan, etxetresna elektrikoetan...

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]